XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Diligentziak eta gizataldeak iparralderako bidea hartu zuten.
Kotxearen inguruan bidea zaldiz egiten zutenek kantatzen ari ziren, bidaiaren lehengo giro isila eta hila zeharo aldatuz.
Paul-ek kotxearen leihatilara eraman zituen begiak eta gazte bat ikusi zuen zaldi nabar baten gainean.
Zenbat urte izango zituen?
Hamasei bat agian?
Haren aurpegiaren larrumintzan pubertaroko lehen ileak agertzen zitzaizkion, baina begietan ez zuen erakusten adin horretako gazteari tokatzen zitzaion begirada ameslari itxaropentsua, eta kantatzerakoan
Arretaz aztertu zuen Paul-ek gazte haren aurpegia eta kontrast bortitz bat adierazten zuela iruditu zitzaion.
Zer zekien gazte hark Don Karlos-ez?
Ezagutu ote zuen inoiz, mintzatu ote zitzaion inon?
Zer prometatu zion hark, haren zerk liluratu zuen?
Non eta nola ikasi zuen kanta hura, nork sartu erazi zizkion ahapaldi haiek hain barnean?
Zergatik ez zen aurkitzen arratsalde bigun hartan gaztainondo baten gerispean txirula jotzen, bere inguruan bildotsak txakur laguntzailearen begirada zuhurraren babesean pausatuki bazkatzen zuten bitartean?